XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LEHEN AGURRA

Munduaren bihurgune huntan eskuararen boza berantetsia ginuen. Huna nun entzunen dugun berriz. HERRIA sorthu da.

Nahi baino luzeago juan zauku ephea; berantetsiaren buruan, begitarte hobea baizik ez duke.

Dena den, sortzean duen izenetik ageri du bere chedeak zeri buruz dauzkan: Frantzia eta Eskual-Herria biak bihotzean nahi luke bere ildoa barna eta chuchen ereman, hazi ona erein, alhapide garbienak erakutsi.

Haur sortu berriak balentria guti, bainan egungo ezinbertzek oraino chatarretan tinkatuak gauzkaten arte huntan, handitzeko asmua bero beroa sendi dugu.

Zertaz bada lotsa, edo nolaz etsi?

Bildu zaizko HERRIARI, bere ohakoaren ondorat, Eskual-Herriak dituen langile trebatuenak, adin guzietakoak, zuhurtzia eta kharra biak uztarri bati josiak nausi baitira sailaren ederki lantzeko: orok gogoa aberats, itsusi baitzaio, egungo zalaparten erdian, bihotzdun gizonari uzkur egoitea, besoak alfer.

Lumak ditugu herdoilducheak zonbeitek, ez baita harritzeko gu bezalako batentzat, bainan ibiliz jartzen da aintzurra ere bere lehengo legun hartarat.

Ez da den gutieneko dudarik adiskideak ere zoin lasterrago berotuko zaizkola, erlea kofoinerat biltzen den bezala; holako baten behar gorriak bazterrak zimikatuak zauzkan: beha zauden, ahoa zabalik, nun zer ager.

Orori eskerrak, oraiko ala geroko. Egungo haurgnoa haziko dugu elgarrekin; bihar ikus dezakezue hatsa luze, gotor eta sasoai.

Lehen agur huntan solasa labur gelditzen zauku, orok gogoan ditugun goiti behetiez mintzatzeko.

Etsaiak egin daizkigun zauriak eta sarraskiak hein bat bederen gochatzekotz, zinkurinez bertzerik beharko dugu; gutiz gehienek, borondate onarekin, dembora dute alabainan mediku bakharra.

Ogia churitu zauku; gaineratikoak, diren tokitik higitzeko, lan handien beha daude, dela untzi, dela zubi, dela bide: Frantzia barne hortan gaindi dabilanak badaki zer ikusi behar den jendearen hemendik harat eremaiteko.

Gure minak gure, bada saminagorik: gerla bizi da oraino; gure mugetan sua; Alemania barnean bi miliun bederen gure gizonetarik, preso, langile, presoner: heiena da zorte lazgarria; hek behar dira lehen bai lehen ateratu etsaiaren aztaparretarik; hortakotz ez ditugu bi bide; gerlari buru egin behar.

Bainan gerlak bethi lege latzak; gutarteko ezbaiak utzi bazterrerat, gerlaren bururatzeari ez dohazin zalaparta guziak trenka eta jo lanari.

Nahaskeriaz aseak gira leporaino; orok gogo bat, azken gerla hartan bezala, orok indar bat gerlarien laguntzeko, eta lagun gitzala Jainkoak bakearen argiaz lehen bai lehen gozatzeko. Mgr Jean SAINT-PIERRE.